Papurraki buruz
Papurrak pandemiaren erdian sortutako proiektua da. Goiatz Aduriz naiz eta ekitaldi-ekoizpenean lanik gabe geratu ondoren eta berriro itzuli ahal izateko inolako aurreikuspenik gabe, betidanik nire bihotzean zebilen eta horretarako astirik ez nuen amets bat egi bihurtzeko apustua egin dut.
Beti izan dut goxoak iruditzen zaizkidan gauzak egiteko zaletasuna eta munduan ez dago ogia baino gehiago gustatzen zaidan ezer. Beraz, munduko biztanleriaren erdia bezalaxe ogia egiten hasi naiz, biharamunik ez balego bezala, eta eromen pandemiko honek bultzatuta, erokeria hau nire bizimodu bihurtzea erabaki dut.
Papurraken, ama orez eta hartzidura luzez egindako ogi borobil ekologikoak ekoizten dira. Baita moldeko ogi eta goxo batzuk ere, betiere osagai onenekin eta modu artisau batean eginak.
Papurraken helburua ingurukoen bizitza osasungarriagoa eta goxoagoa egitea da eta horretatik bizi ahal izatea.